XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Begien aurrean zuenak ez zion esperantzari leihorik zabaltzen. Markusek ziria sartu ziola garbi zegoen. Barrez itotzen ariko zen bere inozokeriaren kontura.

Itoko al da benetan! Martinaren afera ez zuen hark ahazturik, alajaina!

Ez zuen, hala ere, esku hutsik etxera bueltatzeko gogorik. Ez zuen etsiko. Erabakia ez zen buru-estimua, lotsa-kontua baizik. Ez zuen inork bere lepotik barre egingo.

Duda-mudatan murgildurik ere, ausaz aukeratutako herrixka batean lurreratzea erabaki zuen azkenik.

Nekazari-etxaldea zirudien. Baratz eta soroz inguraturik zegoen.

Zumezko etxolak zirkunferentzia osatuz paratuta zeuden, barnean plaza moduko bat marrazten zutelarik.

Plazaren erdian horiz pintatutako harrespila zegoen. Honen ertzetik etxola guztien atariraino lauza horiz eginiko galtzada iristen zen, Eguzki Jaunaren irudikapena, hain justu.

Harrespilaren aldamenean pausatu zuen Juliusek ontzia ezer hondatzen ez zuela kontuan harturik.

Gizaki haien sinesmena mindu zezakeen ezer ez zuen egin nahi.

Kasua gertatuz gero, negozioaren porrota agerikoa zen.

Lurreratze-aldapa luzatu ondoren, kanpora atera, arnasa sakon hartu eta lurrera jaitsi zen.

Hilabete eta erdiren ostean zoru sendoa ukitzeak eta aire freskoa arnasteak pozez bete zuen.

Baikor sentitu zen une hartantxe. Negozioa biribila izango zen. Alajaina! Plazan inor ageri ez bazen ere, ateetan zehar, etxolen barnealdeko iluntasunean, herritarren aurpegi interesatuak igar zitzakeen.

Nire merkantziaren zain zeudek, dudarik gabe pentsatu zuen.

Prestatu zituen prestatu beharrekoak: bozgoragailua, itzultzaile unibertsala, erakusketa-xingola automatikoa eta bere burua preziatzen duen merkatari prestu orok behar dituen tramankulu eta erakargailu guztiak.